XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Etzun izan erantzunik

Euskaldunok ez gera oi eta orrenbestez aserretzen geran oietakoak.

Arrazoi izanda ere, ixiltzen dakigunak, askotan, eta eztabaida naiz iskanbillak atsegin ez zaizkigunak.

Baiña... ori bai, iseka edo burlak, iñor baiño geiago mintzen gaitunak.

Eta orixe gertatu, neri, ain zuzen.

Iñor ba`da, pake-zalea izanik, isekaz beteriko jokabide maltzur bat egin didate, eta, jakiña, nere arrazoizko aserrea azaldu nai dut.

Ara zergatik:

Zuzendari jauna:

Batek burututako lana nunbait argitaratu dutela jakinaraztea pozgarri bear lukela dirudi eta neretzat ala izan da beti baiña, oraingoan alderantziz gertatu: naigabeturik utzi.

Ez bait da gutxiagotarako, alabearrez nere eskuetara iritxi dan Irailla`ren 15`eko ARGIA aldizkarian egin didazuen jokabidea.

Nik eta gañontzekoek ere, bai noski, egiten ditugun lanak, jendeak jakin eta, gogozko dituenak, irakur ditzan izaten dira, ortan ez dago zalantzarik.

Baiña, egilleari dagokio, nere ustez, nai duen lekuan argitaratzeko eskubidea.

Eta nik dakidanez, TXAKURRA MINTZO izeneko bertsoak ez ziran ARGIA aldizkarian argitaratzeko asmotan bidaliak, zuek igaz eratutako ARGIA BERTSO LEIAKETARA bidaliak baizik.

Ez al da ala? Bearbada, nik ez dakidan izkutuko baldintzaz baliatuko ziñaten.

Ala ba`da, ongi edo gaizki, onartzea dagokit eta tira...

Baiña, egin didazuena egiteko ez dago eskubiderik.

Bidaltzerako banekien nere idazteko modua ez zala zuen gogozkoa.

Eta zuek ere pentsatu bear zenuten, zeuena ez zaidala neri atsegin.

Baiña nik badakit errespetatzen, zuek ez.

Urrengoan, ordea, orrazte lanetan asten zeratenean, obekiago egin gauzak mesedez.

Bestela, bietako bat pentsatzeko bidea ematen didazue: ez dakizuela nundik nora zabiltzaten, ala, iñozotzat artu nai izan nauzutela.

Zergatik ez dituzue H danak jarri? Nabarmenegi geldi ez dadin? A zer nolako chapuza egin duzutena! Esango dizuet zenbat utzi dituzuen: gaizki kontatu ez ba`ditut OGEITASEI.

Lastima! Oso apain geldi zitekean-eta.

Badakit nereak baiño askoz obeak jasotzen dituzutela, baiña berriz bidaltzeko gogoak kendu dizkidazue.

Eta neri oso mesede kaxkarra egin ba`didazue ere, orrelako ekintzekin, ez dut uste zuek ere asko irabaziko duzuenik.

Are gutxiago EUSKERAK.

Erantzuna merezi duela uste dut, eta zai nago.

Baiña, esan bezela, etzuan erantzunik izan eskutitz onek.

JOXE AIERBE.